Skip to main content
x

Normaltasun Berrirako Trantsizioko 2. fasean baimendutakoak

26/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean berriro irekitzeko ostatuen eta jatetxeen lokalak, Normaltasun Berrirako Trantsizioko 2. fasean baimendutakoak.

 

Une honetan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarri ziren mugikortasuna eta gizarte harremana mugatzeko ezohiko neurriak pixkanaka murrizteko prozesua hasi da. Hala, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0. fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar du, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia da, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren gaitasunek gainezka egin ez dezaten.

Alarma egoeraren deklarazioaren ondotik ezarritako Espainia mailako zenbait murrizketa malgutzen ditu maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduak, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren 2. fasea aplikatuta. Agindu horrek 18. artikuluan xedatzen duenez, lokalean kontsumitzeko ostalaritza eta jatetxe establezimenduak berriro ireki ahal izanen dira (diskoteken eta gaueko aisialdiko tabernen lokalak izan ezik), baldin edukieraren ehuneko berrogei gainditzen ez bada, eta aipatutako aginduko 2.etik 5.era bitarteko paragrafoetako baldintzak betetzen badira.

Artikulu horren 6. apartatuak, maiatzaren 23ko SNDI/440/2020 Aginduaren bidez sartutakoak, xedatzen du autonomia erkidegoek, bakoitzak bere lurralde eremuan, aldatu ahal izanen dituztela bai 10. artikuluaren 1. apartatuan adierazitako edukiera ehunekoa (%40) bai eta maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 15.1 artikuluan adierazitako atari zabaleko terrazak okupatzeari buruzkoa ere (portzentaje horiek ehuneko hogeita hamarretik ehuneko berrogeita hamar bitartekoak izan behar dira).

Une honetan, egoera epidemiologikoa etengabe hobetzen ari da Nafarroan, eta neurriak malgutzea eta jarduera ekonomikoa suspertzea ahalbidetzen du, betiere zuhurtzia, segurtasun eta zorroztasun printzipioak kontuan hartuta. Horregatik, ostalaritza eta turismo elkarteak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak eskatuta, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldeko txostena eginda, bidezkoa da %50eko gehieneko ehunekoa finkatzea lokalean kontsumitzeko ostalaritza eta jatetxe establezimenduak berriz irekitzeko (diskoteken eta gaueko aisialdiko tabernen lokalak izan ezik), baldin eta maiazaren 16ko SND/414/2020 Aginduan ezarritako babes neurriak errespetatzen badira (agindu horren bidez malgutzen dira alarma egoeraren deklarazioaren ondotik ezarritako Espainia mailako zenbait murrizketa, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren 2. fasea aplikatuta).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, ostalaritza eta turismo elkarteak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak eskatuta, eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari galdetu ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak eta lokalak berriro irekitzea.

Jendearentzat ireki ahal izanen dira lokalean kontsumitzeko ostalaritza eta jatetxe establezimenduak eta zerbitzuak, diskoteken eta gaueko aisialdiko tabernen lokalak izan ezik, baldin edukieraren%50 gainditzen ez badute eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Lokalaren barruan, mahaian eserita edo mahaiak elkartuta baino ezin izanen da kontsumitu, eta, ahal dela, aldez aurretik erreserbatuta. Bezeroek ezin izanen dituzte, inola ere ez, barratik gauzak hartu. Baimenduta egonen da establezimenduan berean janaria eta edaria eskatzea, eramateko.

b) Zerbitzu libreko produktuak eskaini ahal izanen dira, izan freskoak zein aldez aurretik prestatuak, bezeroek eskueran izan ditzaten, baldin eta pantailaz babesturik badaude, plateretan banaka jarrita edota behar bezala prestatutako monodosietan, inguruarekin kontakturik ez izateko moduan.

c) Ostalaritza eta jatetxe establezimenduetako atari zabaleko terrazetan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduan aurreikusitakoaren arabera emanen da zerbitzua.

d) Bermatu beharko da bi metroko distantzia fisikoa izanen dela mahaien artean edo mahai multzoen artean, kasua bada. Erabiltzen diren mahaiek edo mahai multzoek egokiak beharko dute izan, kontuan harturik zenbat pertsona izanen diren, bermatzeko haien artean gutxieneko segurtasun tartea uzten dela.

Bigarrena.–Foru agindu hau igortzea Osasun Ministeriora, Gobernuaren Ordezkaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Garapen Ekonomikorako Departamentura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Hirugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

 

Iragarkiaren kodea: F2005362