Skip to main content
x

"Normaltasun berria" Nafarroan

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartua, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, Normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

(....)

3.–Edukierak eta berariazko prebentzio neurriak sektoreen arabera.

3.1. Edukiera kontrolatzeko neurriak.

1. Establezimenduek, instalazioek eta lokalek jendaurrean eduki behar dute zein den gehieneko edukiera, langileak barne hartuko dituena, eta bermatu edukiera hori eta jendearen arteko segurtasun tartea errespetatzen direla.

2. Prozedurak ezarriko dira zenbaketa egiteko eta edukiera kontrolatzeko, sekula gainditu ez dadin.

3. Pertsonen zirkulazioaren antolaketak eta espazioen banaketak aukera eman behar dute jendearen arteko segurtasun tartea gordetzeko. Lokalak bi ate edo gehiago baditu, bat erabiltzen ahalko da sartzeko eta beste bat ateratzeko, jendea pilatzeko arriskua gutxitzeko.

4. Segurtasun langileek begiratuko dute jendearen arteko segurtasun tartea gordetzen dela eta ez dela pilaketarik edo talde handirik eratzen, eta arreta berezia jarriko dute eskailera mekanikoetan, igogailuetan, pasatzeko gune komunetan eta aisiarako eremuetan.

3.2. Neurriak establezimenduetara joaten direnen eta ikusleen sarrera, irteera eta zirkulaziorako.

1. Gomendatzen da sarrerak on line saltzea eta, txarteldegian erosiz gero, sustatuko da txartel bidez edo antzeko baliabideez pagatzea.

2. Ahal dela, publikoa edo ikusleak eserita egonen dira eta jendearen arteko segurtasun tartea gordeko dute.

3. Gomendatzen da, nolakoak diren jarduera eta lokala, eserlekuak zenbakitzea, eta urruntze fisikoaren irizpideak betetzen ez dituzten eserlekuak baliogabetuko dira.

4. Behar bezain goiz irekiko dira ateak, sarbidea mailakatua izan dadin, eta horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira antolaketan. Publikoaren irteera ere mailakatua izanen da, eremuka, jendearen arteko segurtasun tartea bermatuta. Neurri berak aplikatuko dira ikuskizunen tarteko etenetan.

5. Maskara erabiliko da jendearen arteko segurtasun tartea bermatu ezin denean eta gune komunetatik pasatzean eta sarrera-irteeretan.

6. Abisuak emanen dira, kasuan kasuko jarduera egin baino lehen eta egin ondoren, iragartzeko eta oroitarazteko zein diren higiene eta urruntze neurriak eta publikoaren irteerak mailakatua izan behar duela.

7. Ahal dela, segurtasun tartea gordeko da langileen eta publikoaren artean, edo, bestela, babes fisikoaren neurriak hartuko dira maskara erabiliz.

(...)

3.6. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, jendearentzat irekita daudenak eta merkataritza zentro edo parkeen parte ez direnak.

1. Jendearentzat irekita daudenean txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, baldin merkataritza-zentro edo -parkeen parte ez badira, ezin izanen da gainditu gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost. Lokalek solairu bat baino gehiago baldin badute, bezeroek proportzio berari eutsi beharko diote solairu bakoitzean.

2. Nolanahi ere, behar diren neurriak ezarriko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzeko edo, bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk erabiliko dira, maskara janztea ekarriko dutenak.

3. Saiatuko da 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez ematen.

(...)

3.10. Ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak.

1. Ostalaritzako establezimendu eta jatetxeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost lokalaren barnean edo, bestela, erabilera publikorako baimendutako eremuetako 2,25 metro karratu erabiltzaile bakoitzerako.

2. Lokalaren barnean kontsumitzen ahalko da bai barran, bai mahai batean eserita, bai mahai multzo batean eserita. Dena den, bermatu beharko da pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen dela barran, mahaietan edo mahai multzoetan dauden bezeroen edo bezero taldeen artean.

3. Establezimendu horietako aire zabaleko terrazak ehuneko ehunean okupatzen ahalko dira, udal lizentzian baimendutako mahaien edukiera oinarri hartuta.

4. Nolanahi ere, pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da mahaien edo mahai multzoen artean. Gehienez 25 pertsonak osatutako talde batek okupatzen ahalko du mahai bat edo mahai multzo bat.

3.11. Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

1. Diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, jarduerak eginen dira baimendutako edukieraren ehuneko hirurogeita hamabost betez gehienez, dantza-pistarik gabe eta bertan mahaiak jarrita.

2. Establezimendu horien terrazak jendearentzat irekitzen ahalko dira, eranskin honen 3.10 puntuan ezarritako baldintza beretan.

3. Ezarritako higiene eta prebentzio neurriak betetzeaz gain, ostalaritzako establezimendu eta jatetxeetan zerbitzua emateko berariaz ezarri diren neurriak ere aplikatu beharko dira.

 

136. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 20a - BEREZIA

 

Informazio iturria, B.O.N.: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2020/136/0